Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
itsaso_kontra_bat    

1. Hitzaurrea

Zirkunstantzien kontra eta: izan.

Pentsatu bezala bion liburuak udaberrirako argitaratuko dizkinate. Baina ez gaitun batera iritsi hona, eta beraz, pentsatu gabeko zerbait idaztera noan: hitzaurre hau.

Liburuak bere buruari hain irmoki, eta bere gorputzari hain malguki eta bere bihotzari hain xamur eusten zion, non ez bainaun Itsaso kontra bat hau loriatzen hasiko. Hala ere, hondar oharrek lagunduta ekingo zionat hitzaurreari, batez ere, poema liburu hau postumotzat hartua izan ez dadin.

Garai beretsuan atondu genizkinan geure azken poema liburuak, eta ondo ezagutzen genizkinan elkarren ahaleginak. Beraz, hik nirea bezala, ondo ezagutzen ninan nik hirea, liburuaren ibilbide osoan. Eta ez huen idatzi liburua hilko hintzelako, edo hil hintekeela hekielako; bizitzeko eta sortzeko baizik, eta liburuan bertan, liburu honen kontran, itsaso kontra batean bezala, oreka, sosegua eta edertasuna nahi huelako.

Eta bai, bazagon minik eta sufrimendurik eta negarrik eta jasanezintasunaren aurkako aldarririk. Baina batez ere, gogoratzen haut elkarrekin irakurri ostean, hurrengo zuzenketak prestatzen: hitzen definizioak behin eta berriz zorrozten, leuntzen, ferekatzen, berritzen, edo lerro arteak definitzen, edo liburuko atalen izenburuei erreparatzen eta poemak sail batean edo bestean kokatzen; funtsean, hire inguruari emanez hire bizia eta hire biziaren jakingarriak atzerago uzten, batez ere, edertasun bila oinarrietara jauzi egiten, behin eta berriz, murgil egiten erantzun bila, galdera artean hain ilun zeudenan-eta urak; presentzia-transzendentzia esentzia errainu bat mokoan hartu eta itsaso kontrara ekarri nahirik, hitzetara.

Ez hintzen erruki zalea eta ez huke horrelakorik bildu nahiko irakurleen artean; ez hintzen heroi-aldarrikatzaile eta ez huke nahiko «hau emakume»-ka inor horrela eta horrela hastea. Norbere barruetara murgil egiteko askatasuna aldarrikatu eta billeterik eta baimenik eskatu beharrik gabe, ikasi huen izaten libreago. Eta erakutsi ere erakutsi digun libreago izaten, horretarako, ideologia handiak gainetik kenduta, zama handia dakarten hitzak irudi bidez arinduz eta maiuskuletan zangalatraba eragiten duten sentimenduak deskonposatuz, zenbaki handiak beste txikiagotan deskonposatzen diren bezala. Eta horrela, irudietara ekarri ditun eguneroko eta oinarrizko hitzak, hitzik beharrezkoenak maite hituenei esan beharrekoak zirelako eta ikasitakoaz harantzagoko senak dakiena igarrian jartzeko urgentzia ere bahuelako.

Eta deskonposaketaren poderioz, kontraesankor diruditen iruditan bateratasuna aldarrikatu dun lehen poema-liburuaz geroztik hartutako bidean: ez dun hau ala bestea, dun hau eta bestea. Kontraesankor diruditen irudiak batera bizitzeko hire gaitasunean agerian geratu dun hire jakinduria: bizi nahi eta horretxegatik onartu heriotza bera; agian ez izatea baino nahiago huelako, edo agian izateko beste molde batera irekia hintzelako. Ez zakinagu, hala ere, hori dena ikasteko gai izango garen.

Eta utzi digun agerian ikasitakoaz haratago datorren zerbait: bazakinat hori esan nahi huela transzendentzia, poesia, metafora eta amatasunaz ari hintzenean. Utzi digun agerian orainaren aldarrikapen absolutua lekuetan (Hendaiako itsaso kontra horretan, hondartza eta zelaietan), izatearen joaneran izatekoaren etorrera (urrunerainoko bidaietan barne-muga bila eta lur muturrei begira); eta izandakoaren ez-izatean murgil eginda, airezko izatea, izotz bideetan, agian.

Gauza asko esango ninake, orain, niretik, bakardade honetatik, Itsaso kontra bat irakurtzen dudan aldi oro. Baina liburuak badin bere mintzaira eta hire estilo propioa, eta amaituta zagon, ia zehaztapen guztietan.

Ez dinat nik gerokoan lan handiegirik egin. Bada ez bada, USB, ordenagailu eta paperetan zeuden aldaerak aztertu eta azkenean, behin edo beste, halabeharrez hautatu, eskuz egindako oharrak ordenagailura eraman...

Formaz eta hitzen definizioen kokalekuaz hainbeste hitz egin geninanez, konforme geratuko hintzelakoan nagon. Eta, bai, gorria dun, andre-mahatsa bezala liburua, eta ardoa eta arrastiria, eta oinarrian, biluztasuna bezala.

Uste dinat, beraz, ez dela ezer falta liburu honetarako pentsatutakotik. Ezta heu ere, hire esanetan agerkari orain, hain sortzaile bikain, airezko orain.

Patxo bat, Karmele, itsaso kontraren alde honetatik sentitzen haugunon izenean. Eskerrak denagatik eta liburu hau oparitu izanagatik.

II. Hondar oharrak

Poemen hurrenkerari buruzko oharrak

Karmele Igartuak, liburu honetan ere, poemen posizioari eta liburuaren egiturari arreta berezia eskaini zien. Edizio honetarako berak karpetan zuen ordena errespetatu dut.

Hala ere, hainbat poematan baziren bertsio bat baino gehiago, eta hainbat poema atze aldean kokatuta zeuden, non sartu erabaki ezinda. Azkenean, berak, aurreko karpeta batean eskuz idatzita zeukan ordenari lotu natzaio, poemaotan salbu:

• «Zeintzuk lore» bi bertsio ziren, eta posizio ezberdinetan kokatuak (zaharrena 43. orrian eta berriena 79. orrian) Azkenean, azken bertsioa utzi dut, baina 43. orrian.

• «Azken poema hau.» Ez zuen posizio garbirik, amaieran diren poema gehienak bezala. Liburuaren aurreneko poema «Badator bete-bete» kontutan hartuta, azken poematzat ere har zitekeen «Dena hustu». Horretarako bide ematen zuen hainbat oharrek. Hala ere, beste aukera hobetsi dut.

Beste alde batetik ordenagailuko azken bertsioan eta orrietan ez zegoen poemarik ez dut sartu liburu honetan. Ez zidan inon horrelakorik idatzita utzi eta ez zidan horrelakorik sekula eskatu. Azken egunetan ere bere poema-liburuaz hizketan aritu izan ginenean ez zuen sekula esan «bukatu gabe»-tzat zeukanik. Karmele Igartua idazle planifikatua zen, eta ordenagailu eta USB-an ondo antolatuta zeukan idatzitako guztia.

Definizioak

Edo metaforak. Testuak baino gehiagotan aldatu zituen hainbat definizio liburu hau zuzentzerakoan. Esango genuke, gaixotasunari buruz zuen irudiaren arabera ere berritu zituela, eta hauetako aldaketa batzuk liburuaren tonua aldatzera ere eraman zutela, azken zuzenketara orduko. Liburuak urdin izan nahi zuen hasieran, baina azken zuzenketetan urdin batzuk «gorri» kolorearekin alderatu zituen, eta karpetan, orri nagusiaren gainean idatzita utzi zuen: «Gorrixa behar du azken liburu honek». Liburuaren hirugarren atalaren izenburua bera bada nahiko adierazgarri. Hiru modutara deitu zuen, hurrenez hurren: 1. Iritsi ezin bat, gris iluna. 2. Iritsi gura bat, urdina. 3. Iritsi behar bat arrats gorrietara.

Definizio trukaera eta galeren artean, bada definizio bat, Itsaso Kontra bat-en azken aurreko bertsioan agertzen dena, eta gero bi poema bateratzean kendu zuena. Hala ere, liburuaren atal bat definitzen duenez, hementxe txertatuko dut. Eta honela zioen:

Olatueran etenik gabeko segidan. Hasierak bukaeratan.

Aldaketa eta aldaera hauek liburu honen indar-gune dira, eta aparteko orrietan pentsatuak eta aldatuak zituen behin baino gehiagotan. Beti azken bertsioa zena hobetsi dut, hainbatetan aurrekoak ere oso ederrak izanagatik.

Karpeta barruan zeuden orrietan, hala ere, hainbat definizio eraldatuta ageri da. Gainera, Transzendetalak, edo presentzia, esentzia definizioak erabat txertatu gabe dirudite liburu honetako definizio moldeetan.

Transzendentzia dei genezakeen gaiaren inguruko hausnarketaren lekuko dira hustune hauek, beste batzuen artean, «hil», «ezagutu», «hasiera», «amaiera», «kanpo», «barru» definizioekin lotu beharrekoak. Gai honi buruz luzaz mintzatu ginen bai liburu honen harira, bai aurreko liburuaren edota nire Izendaezinaz liburuaren harira. Gaiak Karmelerentzat zuen garrantzia medio, bere horretan utzi ditut.

TERE IRASTORTZA GARMENDIA
2011ko udaberria

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago