Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
nabarra1    

Esan didan, Ruth, nirekin etorriko haizela, hireak direla nire Jainkoa, nire herria, nire etorkizuna… eta hitzik gabe utzi nain hire erantzunak. Orain arte , egunsentiari begi eman aurretik … begiratzen nitinan esku zahartuok , esku dardarkorrok , esku arrailduok, eta sentitzen ninan nire ibilkeraren dorpea, nire bakardadearen uzkurra … Guztiak itzulera - bide luze eta neketsu horretarako lagun baino gehiago oztopo jotzen nitinan . Gaur, oraindik jaikitzeke, begiratu ditinat berriro, eta egunsentiaren argi-izpiek erakutsi zidaten zein urrun eta , gaurdanik, aldi berean, zein hurbil dagoen nire jaioterria … hire erantzunari esker.

Amets abarrean gogoratu dinat, bart, nola etorri gintunan Moabera Elimel eta biok, Mahlon eta Kilion semeak hartuta. Gosea zunan Belenen, ez dun eta beti aski lurra bizi ahal izateko . Partitu gintunan, beraz eta iritsi zuengana. Zuen lurrean bizi izan gaitun, zuen lurrean ezkondu genizkinan gure semeak . Pentsatzen geninan gure adarrek lur honetan emango zutela itzala; baina ez dun hala izan eta senarra ete semeak hil ondoren pentsatu dinat , egokiena itzultzea izan zitekeela.

Ez dinat legeak onartzen zinana erabili nahi . Hala agintzen din legeak… nire semeen emazteek jaso beharko nautela, haiek hilda ere. Ez ditun gaizki jarriak izango legeak… baina ez dinat nik adorerik inori, legeak agindutakoa eskatzeko, eta nahiago ninan bakarrik partitzea.

Eta hik, berriz, hire borondatez ni jasotzean, hire askatasuna onartzen duen amagiarrebari heure askatasuna eskaini ostean , beste modu batean begiratu zionat lege horri, nire etorkizunari, ortzemugari. Inork ,nahi duelako , ematen didana baizik ez dagokidala sinistearekin, bete betean asmatu dinat ; asmatu dinat ez agintzearekin eta ez eskatzearekin , eta biok izango gaitun aske, zeren eta legeak agintzen dutena egitearen aldean, ona dun norbere senak eskatuta eta askatuta sortzen dena bizitzea.

Esan nahi ninake, ziurrenera, hasieran , gure herrian bertako gari-biltzaileek alorretan galdutako gari-aleak bilduz bakarrik bizi ahal izango dugula….. Eta ziurrenera badakin hori dena ere… neuk esan gabe .Esan nahi ninake… ni zaharra naizela hiretzako beste semerik sortzeko eta hala balitz ere… hura hiretzako senar izaterako hi ere zahartua izango hintzatekeela . Esan nahi ninake…, etxe eta senar on bat izango ditunala, oraindik, eta ez ote hunake hobe hire amaren etxera itzultzea, berirro … baina aldi berean zerbaitek esaten zidan laga ezina dela besteek askatasunez eskaintzen dutena.

Harro sentitzen naun basamortua zirudien lur eremuan askatasuna eraiteaz, Ruth maitea, eta nire eskuen dardara baretzen ari dun, nire ibilkera arintzen . Jaikitzera noan; orain, egunsentiarekin ikusten dinat zein hurbil dagoen hain urrun zena: nire herria ; zein urrun dagoen orain hain gertu ikusten nuena : bakardadea.

Esna hadi, Ruth, hi ere… esan nahi dinat, maitea, hirekin joan nahi dudala; esan nahi dinat, alaba maitea….

Tere Irastortza