Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
nabarra1    

Merke, merke esaten ikasi zuten tabernaz-taberna beraien pitxiak saltzen hasi ziren lehen magrebiarrak. Zer egiten ote duen beharrak, pentsatzen genuen laurogeiko hamarkada hartan, bizi guztian hemen bizi eta Zenbat da galdetu ostean sekula euskaraz erantzuten ez zutenekin akordatuta. Erdara euskararen kontra.

Garai hartan soldadutza zegoen,gure aurrekoek,ordurako, betikotzat eta betirako jotzen zutena. Soldadutzaren aurka kontzientzia eragozleak gutxieneko bat osatzen zuten, eta biolentzia zetorren tokitik zetorrela arbuiatu behar zela aldarrikatuz hasi zen gizaldiak, laster, intsumisioa indartu zuen . Soldadutzaren aurka intsumisioa, ez obeditzea erabaki zen, baina denetarik zegoen tabernako mahai bakoitzean. Soldadutzari uko egiteak bortxari buruzko hausnarketa eragiten zuen, mahai batekoak eta bestekoak nahasten ginen.

Merke, merke… bakea merkeegia zela sinetsiak geunden.Etekinik ez zitzaiola ateratzen bakeari, alegia. Gerlaren negozioaren zifrak ikasten genituen buruz. Ez zegoen soldadutzarik eta zeruak globo txuriz bete ziren, eta eskola-atarietan ehunka uso zuri askatu ziren.

Handik gutxira ,gurean, soldadutzaren ezarpenarekin amaitu ostean ez da iada ejerzitoaz eta ejerzitoez hitz egiten, beraien bake eta solidaritate ekintzak goraipatzeko ez bada.Soldadutzara joan behar ez dela eta ejerzitorik ez balitz bezala bizi gara. Hori omen da eta ejerzitoaren egiteko garrantzizkoenetako bat, kamuflatzea, ez dela sinistaraztea, denik ere ahaztaraztea.Eta dagoeneko ejerzitoa ez da bakearen aurkako ikusten. Ez daude mundu antonimoetan,eta ez dira ekartzen hizpidera hitzek hartutako inolako uhinetan.

Merke, merke… dagoeneko ez hitz egitea onartu duen parlamentuak osatzera etorriak gara. Inork ez du aldarrikatzen datorren tokitik datorrela arbuiatu behar dela bortxa. Eta hitz egitea baino demokratiagoa izan daiteke ez hitz egiteko kontsentsua.

Merke,merke… Merke eta errez bihurtu da hitz egin nahi duela esaten duenari baldintza bat eta bestea eta hurrengoa ezartzea. Hitza baldintzak apurtzeko ez balitz bezala, hitza baldintza berriak sortzeko ez balitz bezala.Baina hitza datorren tokitik datorrela da ona debaldekoa bada ere ez da alferrikakoa eta doan nahi dugu. Hitzak airea bezain merke behar du,baina, airea bezain ezinbesteko.

Tere Irastortza