Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
nab2008_85_1  
  tirastortza

Urteek beren aroak dituzte, eta beren hilabeteak eta beren asteak eta beren egunak. Eta egunek,gutxi-asko, hogeita lau ordu, beren hirurogei minutu eta gehiagozko hainbat segundo. Gehiegizko ordu horiekin lau urtez behin beste egun bat kontatzen dugu. Hain ziurra eta lasaigarria dirudi kontaketa horrek non ez dugun kontatzeko tarterik hartu beharrik ere sentitzen. Eta, egun bi berdinak ez diren arren, geure eskuetatik pasatzen ez diren egunak honelaxe neurtzen eta zenbatzen ditugu, eta halaxe ematen digute bizi-aldi komun baten itxura.

Badira, oraindik, bestelako denborak: geure eskuetatik iragazi eta maneiatu nahi genituzkeenak: hau gordez eta beste hori eraldatu edo galaraziz. Eta egun horiek eta data horiek sakratu egiten dira eta beste egunen hondarretik bereizi, eta egun horiei zantzu eta esanahi berezia eman ohi zaie, berezkoa ez dutena, gehienetan. Halako eguntzat hartu ohi dira pasa den igande bateko hauteskundeak, bisurteak bezala guretako batzuentzat lau urtetik behin antolatzen direnak.

Oraingoan seinalaturik geratu da hauteskunde igande bat, hegoaldean, emaitza eta ez-emaitzen kontura; ez-emaitzen kontura alde batetik, zeren eta beroietan abertzale askok ez baitu botorik eman utzi ez zaiolako eta beste askok botoa emateari utzi baitio -ene iritzian- alderdi abertzaleek bake prozesuan bezala azken hauteskundeetako emaitzak kudeatzen erakutsitako baldarkeriagatik ere; eta emaitzen kontura, beste alde batetik, abertzale askok botoa eman baitu, inondik inora, abertzaleen indarra ordezkatzea beharrekotzat jo duelako.

Nahas-mahas horretan, zergatik esaten dugu denak abertzale garena? Ziurrenera, datorkigun politika eredua onartu ordez geure eskuekin maneiatu nahi dugulako, ziurrenerako edozein aldaketa eta eraldaketa begi hobez ikusten dugulako geurea ez den estatu bateko hiritar ez garelako, eta «abertzale» deitu beharrik gabe bere nonbaiteko hiritartasuna defenditzeko modutzat botatzen duten euskaldun batzuen aldean.

Berriki, lagun talde batean irakurle kluba etxean egitea proposatu zuen batek

Funtsean, beraz, abertzale gara eraldaketarako beharra, gutizia, indarra, dugulako, eta hein berean badakigulako ez dugula eraldaketarako geure inteligentzia eta batasuna baino indar handiagorik, ez baitugu eraldaketarako behar adina botere, inolaz.

Boterea dutenek, ordea, botere guztia behar dute -txandaka bada ere-. Eta botereaz baliatuz guztion denborak maneiatzeko eskubidea dutela irudikatzen dute. Onean ez bada txarrean, erabakia hartuta dago: hiritartu denak! Orain eta supituan ez bada, hurrengo belaunaldian, denbora kontua da.

Eta kalkulu horren barruan daude, abertzaletasuna belaunaldi batetik bestera agortuko delakoan, transmisioa galaraztea - euskal curriculuma eskoletan - politika eta kulturan – bide judizialak erabiltzea -epaiketa, helegite eta Europako bide judizialak erreta amaituko den gutizia abertzalea ordezkatua izango ez delako espererantzarekin-.

Lehen eta orain, ongizatearen izenean, botereak denbora maneiatzen duen ia guztietan bezala, boterea ez da lagatzeko hartzen, eta ez da indarra galtzeko konpartitzen. Eta hala, badirudi, Trantsizioak edota Errepublikak bereganatu eta hipotekarazi duen komunismoa bezala -hogeita hamar urteren buruan-, berdeen eta ONGekiko sinesgaiztasuna hedatu ostean, posible ikusten bide duela botereak hamar-hamabost urtean abertzaletasuna azkentzea. Ondo ari da, ziurrenera, bere lanean.

Baina ikusten al dituzu, adiskide, abertzaleak, kasuan, no-nahiko hiritarren denbora eraldatu eta maneiatzeko asmoarekin... edo sikiera geure egutegi bati begira? Ez ahal gara berriz bisurteen zain geratuko!

Tere Irastortza