Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
nab2008_83_1  
  tirastortza

Urte berri diogu, handik edo hemendik eskuratutako egutegiko orria urtarrilekoa den bitartean. 2008az ari gara, hemen. Badakigu, ordea, 2008a ez dela iritsi oraindik musulmanetara, haiek egiazkoa ez omen den jainko batean ordez beste batean sinestea erabaki omen zuten eta, Ala profeta dohatsuak hala erakutsita. Eta badakigu persiarren eta armeniarren egutegian oraindik asko falta dela 2008. urtera iristeko.

2008az ari gara hemen, eta kostatzen zaigu, honetan ere, aurrea hartu digunik dela onartzea. Gure zibilizazioaren aurretik ezer zegokeela sinestea hainbeste kostatzen zaigu, izan ere. Baina beren lehen eguna gurearen aurretik kokatzen duten askorentzat ere aurtengoa ez da 2008. urtea, baizik eta 2258 runiarrentzat, 2063-64 Vikram Samvat-en egutegia duten hinduentzat, 4704-4705 txinatarrentzat. Are antzinagokoak dira 5768- 5769 urteetan bizi diren hebrearrak, edota Kali Yugatarrak hinduak, zeintzuk 5109-5110 bitartean bizi diren.

Honetaz geroz -otu zait- euskaldunok zerbait esango genuke. Zenbatgarren urtean ote gaude antzinako euskaldunen ilargi-egutegian, Bilboko Euskal Museoan dagoen Berriatuko Laminak II-ko kobazuloko egutegia K.a. 15000-9000koa dela onartuz gero? Gu 11008an-edo geundeke, esate batera.

Axola ote du? Urte berri diogu, baina, nolakoa izangoden jakin ez arren, zertaz mintzatuko den, behintzat, jakin badakigu. Eta hara nola, dagoeneko, jakin dudan, urte hasierako komunikabideei jarraituta, 2008koa Lurraren urtea, Patataren urtea, Hizkuntzen urtea, Saneamenduen urtea, Kultura arteko elkarrizketarako urtea, izendatu dutela.

Eta hara nola, badakidan, dagoeneko, aurten, Simone Beauvoirkoari buruz hitz egitean feminismoaz hitz egitea tokatuko dela, eta gure artean Pedro Arrupez eta Jorge Oteizaz ere mintzatuko direla batzuk eta besteak.

Zenbatgarren urtean ote gaude antzinako euskaldunen ilargi-egutegian?

Urteurrenez eta mendeurrenez betetako beste urte bat ere izango da 2008koa, beraz. Eta Bertold Brechtek esana etorri zait burura: poetak esanezinaz mintzatu behar du, ezin da isilik egon denak isiltzen direnean, eta ez da larregi mintzatu behar guztiek hitz egiten duten horretaz.

Eta bigarren aldiz galdetzen dut, ene artean, zenbatgarren urtean ote gauden euskaldunak, eta nekatuta, zahartuta bezala, sentitzen naiz, beren adinaz ahaztu direnak bezala, adineko baino gehiago adingabe izan nahi dutenak bezala. Nekatuta, hein batean, egunak, asteak, hilabeteak eta urteak pasatu arren, egunik, asterik, hilabeterik eta urterik betetzen asmatzen ez duen gizarte batean, zeinetan, on izateko esaneko izatera derrigortzen gaituzten, molde batean eta bestean.

Aldika, ordea, pentsatzen dut nekea ez baizik eta aisetasun molde bat ematen duela iragana ez neurtzeak, dena gogoratu ordez egunekoan datorrenari adi bizitzeko paratzen denak bezala. Eta hala, aldika, iruditzen zait aldez aurretik bizi izandakoa eta asmatua berriro bizi izateko premiarik ez duen zibilizazio batek bizi dena hobetuz bizitzeko adina eskarmentu eta gogoa eragin ditzakeela. Garai zail batzuetan, Bertold Brechtek erakusten duen bezala, hobe izan baitaiteke batek -joaten denean- bere ondoren mundu hobea uztea esaneko txintxo izana baino -deritzodanez-.

Urte berri on.

Tere Irastortza