Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
nab2006_68_1  
    tirastortza

Ez oso aspaldi irakurri berri dut, liburu-iruzkin batean, euskal literaturatzat Euskal Herriko hizkuntzetan euskal herritarrek idazten dutena hartu beharko litzatekeela, erabiltzen duten hizkuntza erabiltzen dutela. Euskara bezala gaztelera, frantsesa eta ingelesa erabiltzen duten idazleak ere euskal literaturaren barrutikoak direla zehaztuta. Liburua oraindik eskuratu ez dudanez, liburuari bainu gehiago eztabaida luze bati helduko diot.

Gure artean hainbestetan ateratzen den eztabaida ia beti galdera bakar batetik abiatzen da: Zer da euskal literatura?

1. Zer da euskal literatura? Euskal literatura euskaraz idazten dena da esan orduko, askok erantzun ohi dute beraiek ere Euskal Herrian jaio direla eta beraiek ere beste hizkuntza batean idatzi arren euskal idazleak direla.

Argudio horren aurrean gehienetan erdibide bat aurkitu nahirik-edo honelako arrazoiketak irakurri eta entzun izan ditugu. Euskal hitzak euskaraz duen adierak hizkuntzaren alderdia nabarmentzen duela (euskal/erdal) eta erdaretan, ordea, vasco-basque esaten dugunean, ez dela hori gertatzen. Alegia, euskaraz euskal hizkuntzari lotua dela eta gazteleraz eta frantsesez vasco-basquek esanahi geografiko politikoagoa dutela eta hortik datorrela itzulezintasuna. Euskaraz, beraz, pentsaezina dela euskal literatura beste hizkuntza batean egiten dena izan daitekeenik, baina ez erdaraz.

Bereizketa horrek, ordea, erabat gezurra izan gabe ere eman dezake ikuspuntu kolonial xamar bat. Euskaldunon pentsamolde garatu gabeari legokiokeen ñabardura batean ezin oinarrituko baita euskal literaturaren definizioa.

Eztabaida ia beti galdera bakar batetik abiatzen da: Zer da euskal literatura?

Baina euskararekin alderatzen diren beste hizkuntzek, berriz, euskarak bezala jokatzen dute. Euskaraz bezala, frantses literatura frantsesez idazten dena ohi da, eta ingelesezko literatura ingelesez idazten dena, munduko edozein tokitan idazten dela ere.

Ez dut askotan literatura espainolaren historietan ikusi gazteleraz ez dauden liburuen aipamenik. Jo dezagun Nafarroako hainbat idazleren kasura. Espainiako literaturen historietan sartu ohi dira: (erdaraz emango ditut izenak) Huarte de San Juan doktorea, Fray Pedro Malon de Chaide edo Fray Diego de Estella. Ez, ordea, Benjamin Tuterako, hebraieraz idatzi zuena, ez, noski, Axular, edo Etxepare, euskaraz idatzi zutenak.

Horrek ez du esan nahi Espainiako literatur historiak egitean beste hizkuntzetan idatzi duten literatur egileen aipamenik egin ez denik. Baina kasu horretan ere, ez da aski Literatura española epigrafea, kasu horietan hizkuntzak agintzen baitu españolaren adieran. Eta horregatik asmatu dute literatur hispaniarrak delako epigrafea.

2. Literatur historien irakurketa gatazka politikoen harira. Ekin diezaiogun Benjamin Tuterakoaren Bidai liburuari. Hebraieraz idatzita egon arren, euskal literaturaren edo literatura espainolaren eremuan sartu beharko genuke. Baina horrek berehala muga politikoaren definitu ezinera ekarriko gintuzke. Auzi hori, ordea, ez da gaurkoa, ezta euskaldunon obsesioa ere. Hala, Benjamin Tuterakoaren liburua J. P. Baratierrek frantsesera itzuli zuenean (1731n), honela itzuli zuen: Voyages en Europe, en Asie & en Afrique, depuis l'Espagne. 1783an Londresen argitaratu zenean, berriz, Travek of Rabbi Benjamin, son of Jonah, of Tudela, through Europe, Asia and Africa; from the ancient kingdom of Navarre, to the frontiers of China. Xabier Kintanak itzulitako liburuaren izenburua, azkenik, Bidaien liburua da.

Berriki gatazka horren txinpartek sutea piztu dute literatura katalana Francfort-era gonbidatu dutenean. Eztabaida honi eskainitako artikulu andanako bat irakurri dut azken egunetan, Nuria Amatek sinatuta, Kafka en Francfort izenekoa, zeinetan oso esaldi ederrak eta erakargarriak irakurri ditudan. Horien artean «un judio checo de expresion alemana estaba doblemente aislado, era un judio entre los alemanes y un aleman entre los checos». Antzera tratatzen ditu Bartzelonan gazteleraz idazten duten idazleak, zeintzuk ez doazen Francforteko liburu azokara Bartzelonakoak izan eta gazteleraz idazten dutelako.

Hizkuntza aurren-aurrena idazleak berak hautatzen du, eta horrekin batera berak hautatzen du, halaber, zein literatur tradiziotan txertatu, edo zein literatur tradiziori eragin, idazlearen prestakuntza ez baita ia sekula elebakarra izan, Kafkak hizkuntz komunitate bat ere hautatu zuen. Goian aipatutako Etxaideko Pedro Malonek hizkuntza hautatu zuen, Leiçarraga edo Axularrek bezala, eta Etxaideko Pedro Malonek gazteleraren apologia sutsua egin zuen, latinaren aldean.

Baina artikulua amaitu beharrean naiz eta konturatzen naiz zer-nolako eztabaidan sartu naizen, oraingoan ere. Izan ere, idazleak ez gara, ia sekula, literatur historiak egiten ditugunak, ezta horiek erakusteko curriculumak onartzen ditugunak ere. Eta literatur historiek-eta horietatik eratorritako eztabaidek- ez dute, ia sekula, literatur balioekin lotura zuzenik.

Tere Irastortza