Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
nab2006_62_1  

Gemma Gorgari gutuna :

    tirastortza
edertasunaz eta
hieratikotasunaz,
ala askatasunaz

Igandea da eta Aberri Eguna gurean. Gure herriko udal balkoian ez dago ikurrinik eta hego sapak izerditan jarri nau. Igande goizeko egunkari irakurraldia hasterako, edertasunari buruzko agerkari bat zabaldu dut. Udaberriko gehigarria. Piero Gemelliren argazki batek itolarria eragin dit eta euskal curriculumaz eta aberri egunaz pentsatuta neukan artikulua lurrindu egin da, berotasunaren berotasunez.

Argazkian emakume lepo-luze bat ageri da, soka lepoan, eta ilea ondo jasota, eta lotua, eta sokaz lotua. Burua gorantz, baina ez Karmele Jaiok kokotsari heltzen dionean bezala. Hieratikoa. Ez Amaren eskuak baizik eta urkamendiaren mehatxuak eta tiradizioak altxarazten duten burua. Aldamenka, begi-ondoa gorri eta beltz: odol-ikatza. Panpina bezain ondo makilatu eta orraztu den emakume bat, estrangulatua izan daitekeena, mehatxatua. Hegoak ebakitzea maite duen txorizale batek nahi lukeen emakume baten erretratua, inolaz. Mehatxuak altxatzen dio kokotsa emakumeari, Piero Gemelliren argazkian.

Pablo Guimonen erreportajean irakurri dudanez, Piero Gemelli arkitektoak fotografia omen dauka bere arterako euskarririk onena eta bera omen da Italian bizi denik eta argazkilarik garrantzizkoena, kosmetika enpresa erraldoietarako kanpainak egin dituena. Eta esku-ahurrak bustitzen zaizkit.

Eta Gemma, aspaldi zor dizudan gutun haren oroitzapenarekin etorri zait burura zurekin Erdi Aroko pertsonaiez eta emakumeen irudiaz izandako hitz-aspertua. Galdetu nizun ea ezagutzen zenituen Rosalesen La casa encendida hura eta Australeko argitalpenean agertzen diren Jose Caballeroren marrazkiak. Zuk galdetu zenidan ea neu nintzen XV. mendeko kantutegietan emakumearen deskribapenaz idatzi nuen Irastorza hura, eta hieratikotasunaz hitz egin genuela ere gogoan dut, edo orain hori da burutik kendu ezin dudana.

Ez dago askatasunik gorputzak eta hitzak mugitu ezin badira.Herioa eta hotza bakarrik

Hieratikoa diot, zurruna baino gehiago: alde batetik, margotutako edota harlandutako hazpegiei ez darien espresioaz ari naizelako; beste alde batetik, hier- aurrizkiaren sakratu adierarengatik.

Piero Gemelliren irudi honen aurrean, eta modazko gehigarriko gorriaren erabileraren aurrean, hauteman dut, berriro, Jainko dela sentitu ahal izateko, batek besteen minaren eta besteen ezinaren aurrean ezer ez duela sentitu behar. Sentitu gabe irudika dezakeen baten argazkia dirudit Piero Gemellirenak. Irudi honen aurrean, Egipto eta Erdi Aroa monumentalak gertuegi dauzkagula hautematen dut: mugimendua ezinezko bihurtuko duen kontrolaren atzean, gorputzari espresatzen utziko ez dion keinuen alfabetoa. Ezer ez sentitzeak ez-gizatiartu ondoren, bilaka daiteke, bakarrik, bat jainkozko, alegia, hieratiko, alegia, krudel bere inpasibilitatean eta bere inposibilitatean. Hieratiko. Hieratiko esaten baitzaio eginkizun sakratuari. Hieratiko esaten baitzaio ehiztari bakarrik izan nahi duenaren mugimendu-ekonomian oinarritzen den higikaiztasunari.

Luis Rosalesen liburura jo dut berriz, «Minari diogun beldurrak bihurtzen gaitu izu eta krudel, eta ez minak». Bazekien zerbait. Eta zure poemetara, gero, «Bihotzaren itzalarekin egiten dut estropuz egun batzuetan. Eta gauean barneratu eta gauetik askatzea deliberatzen dut. Eta beldurrean barneratu eta beldurretik askatzea deliberatzen dut. Zure baitan sartu eta zugandik askatzea. Ulertzen ez dudana ulertzen dudan itxurak egiten ditut, benetan nahi ez dudana nahi banu bezala. Gau gehiegi, beldur gehiegi, zu gehiegi. Eta erabat askatuko naiz». Badakizu zerbait, nahi dugu zerbait, gauean barneratzen garenean.

Eta berriro argazki horri begira, batzuk emakume irudikatzen duten askatasunaren irudia hautematen dut. Dena ondo lotuta utzi nahi dutenen askatasuna, aurrena ondo aukeratu irudia, gero edertu eta gero ondo lotu behar dena. Dena eman behar zaiola askatasunari, baina uneoro askatasuna xaflatzen dute diskurtso politiko askok: askatasunaren irudia prestatzen, kosmetika-kanpainetan bezala.

Eta diot, nire artean, eta galdetu nahi dizut iritzia: ez dago edertasunik hieratikotasunean. Ez dago askatasunik gure gorputzak eta gure hitzak mugitu ezin badira. Herioa eta hotza bakarrik. Eta ederregia da udaberria, higikor, eta ederregia askatasuna haizearekin jolasean ikusi ahal izatea.

Tere Irastortza