Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
nab2006_60_1  
    tirastortza

Aita ala gatza zitekeen izenburua. Baina ez, uste dudanez, Mari-Xor izena eman zaio. Ipuinak, Joxe Arratibelek jaso zuen bezala, pertsonaia nagusiaren izena hartzen du. Gaur egun ipuin edo mito gisara jaso dezakegun horrek, gutxi-asko, gutako askok geure burua islatuta ikus dezakegun egoera batera eramaten gaitu: dilemara, erabaki beharrera.

Dilema aurrean, batzuetan Jolasean bezala ibiltzen gara. Txikitako jolasak datozkit gogora. Horietako bat, Zubiri-zubiri, nongori-nongori jolasa, non, bikote baten inguruan jirabiran aritu ostean, bat tartean, lazoan harrapatzen gintzaketenekoa. Orduan asmatu behar izaten genuen: gorria ala berdea, zerua ala infernua, sagarra ala laranja... Asmatuz gero jolasean jarrai zenezakeen, eta asmatu ezean jolasetik kanpo, taldetik kanpo.

Ez asmatzeak, gaizki hartutako erabakiek bezala -Mariren kobazulora sartzea, esate baterako, edo lamiengana gehiegi hurbiltzeak-, bakardadea ekartzen zuen. Jolasekoa hasiera bakarrik izan daiteke.

Lehen aipatutako ipuinean, Mariri eta beste alabei aitak oso galdera sinplea egin zien: zer da garrantzizkoagoa, aita ala gatza? Ez da txikitan umeak hainbeste aztoratzen dituen zein maite duzu gehien, aita ala ama? edo beste galdera zail horien ondotik etortzen den galdera are zailagoa. Zer da garrantzizkoagoa galdetu zien; ez zer den hobea, zer den garrantzizkoagoa bakar-bakarrik. Ahizpek berehala eman zuten erantzuna: galderagilearekin bat egiten zutela, asmatu -hitz horren adiera sakonenean-, haiek asmatu zuten aitarekin, konforme utzi ere gainera.

Ateak ixten dituzten etxeak ez dira inoren etxe, aitaren gotorleku badira ere

Marik ez. Marik ez zuen berehalakoan erantzun eta, beraz, itxura batera, berarentzat ona ez zen tarte bat hartu zuen. Urrundu egin zen aitagandik, galderagilearengandik, pentsatze hutsaz. Urrundu egin zen, galderaren edukia entzun arren, xor, gogor, izan zitzaiolako galdetu izanaren arriskuari.

Bistan denez, gatzari garrantzi handiagoa eman zion Mari-Xorrek: gatza zelako janaria gordetzen zuena edo gatza zelako janaria ez galtzea ahalbidetzen zuena edo... Ez al diete, bada, menderik mende hainbeste kulturatan emakumeek gatza eskaini kanpotik datozen arrotzei, beraien herrietan eta etxeetan tokia eta oparotasunaz gain?

Baina Mari-Xor gogor zen, eta gainera ez zen mutu. Beraz, isildu beharrean, erantzun egin zuen, eta gatza hautatu. Eta Marik gatza hautatu orduko, berriz, aitak bidali egin zuen etxetik. Gatza garrantzizkoagoa dela deliberatzea baino bekatu handiagoa egina zen: hautatzea posible zela sinistu zuen. Aitarekin geratuta denentzat adina gatz bazela uste zuen aita ofenditu egin zen. Alaba etxetik bidali zuen: noranahi, inora ez bazen ere.

Mariri bezala askotan egokitzen zaigu gauza bat edo beste hautatzea. Are gehiago esango nuke, askatasuna hilik datza hau edo hori hautatu behar izatean; askatu hautatu nahi eta hautatu ahal izateak egiten gaitu. Baina, dilema inposatzen denean, erantzun batzuk epez kanpo daudela gaztigatzen digutenean... ez zaigu aukerarik uzten. Aukera bakarra erantzutea denean, galdera bati beste galdera batekin erantzun ezin zaionean... Mari-Xor ez da mito bateko protagonista bilakatzen, tragedia bateko baizik, Hamlet bezala edo Antigona bezala.

Mari-Xor bezala, gatzaren garrantziaz jabetuta, Legebiltzarkideko emakumeak berak hasi dira erabakitzen, aitaren dilemari erantzuteko txandaren zain geratu ordez. Haiekin batera, gehixeago askatzeko eta izateko itxaropena ez dugu galdu nahi. Gure legebiltzarkide hauek ba omen dakite ateak ixten dituzten etxeak ez direla inoren etxe, aitaren gotorleku badira ere. Sukaldeak irekitzen dituzten etxeetan sartu nahi dugu, bakearentzat eta askatasunarentzat ongietorria prestatzera.

Tere Irastortza