Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
  tirastortza
nab2005_52_1    

Bezperakoa Lucrecio. De rerum natura Gauzen naturaz. 1987ko argitalpena darabilt, berriro, eskuetan... jakin gabe, oraindik, zerk ekarri duen nire eskuetara. Orain hemezortzi urte egindako irakurketaren arrastoekin egiten dut topo, nahiko tupustean: aurkibidean azpimarratutako kapituluak, han-hemenka hartutako oharrak. Agirian uzten dute zer jakin baten bila egindako irakurketa dela: hain zuzen ere, Ovidioren edo Horacioren amodioari buruzko ikuspegia, amodiozko sentimenduen sedimentuak arakatzeko beharra.

Hala ere, hemezortzi urte ondorengo liburua aukeratzera, Heriotzaz geroko izuek izeneko atalak bultzatua izan nintzen.

Bidekoa Eta liburuan berriro murgildurik egin ditudan orduetatik irteteko Nabarrarako artikulua egin beharrean izan nintzen, toki zaratatsu hartan, bilera baten aurretik dudan tarte luze horretan. Gaia pentsatua eraman nuen... baina, tira egiten zidan liburuak, bere bidea egiten baitu buruak, urak bezala, huntzak bezala, Urdazubiko leizeetan, astebete beranduago -artikulua ordenagailua pasa aurretik- bisitatu ditugun Ikaburuko leizeetan zuhaitzen zuztarrek, erroek, Urxumeko lurpeko uren bila egiten duten bezala.

 
Bideak,
han bezala hemen,
bideak non nahi
norantzaren bila.

Curriculumen naturaz Bideak bezala, lerro batzuk beste batzuekin gurutzatzen dira berridazketan. Euskal curriculumaren, euskal kulturaren, bideez aritzeko asmoz eseri nintzenean gauzen naturari buruzko liburu haren lerroak eta oihartzunak elkartu zirenean bezala.

  Bideak bezala, lerro batzuk beste batzuekin gurutzatzen dira berridazketan

Idatzia neukan, oraindik kopiatu ez dudan lehenengo paragrafoan:

«De rerum natura aurren-aurrena gizakiak arrazoiketa erabiliz atera ditzakeen ondorioen ikurra da. De rerum natura pentsatzen erakusteko erabili beharreko liburu horietakoa da. Izan ere, erakusten al diegu arrazoitzen gure ikasleei? Matematikak ditugu, ebatzi beharreko ariketekin, esate batera, pentsatzen erakusten duen ikasgaietako bat. Baina oinarrizko lau eragiketez gain datuak ordenatu hutsarekin ebatzi daitezkeen problemetara bakarrik bideratzen ditugu ikasleak.

Datuak, adibideak, aurkezte hutsera moldatzen diren zientzien erakusleiho bihurtu dira natur zientziako testu-liburuak, gure garaiko taxonomia eta sailkapenak buruz ikaste hutsak ordezkatuz.

Eta hori guztia logikoa, arrazoizkoa eta ezinbestekoa ere iruditzen zaigu. Eta horrelakoa da irakaskuntzaren egitura, ustez objektibotasunera lerratua, ikasleak nondik norakoa definitua duten bide-xidorretan abiarazten dituena.

Zer gertatzen da, ordea, ustekabean harrapatzen gaituzten egoerekin? Zer egin guztiaz okituta gaudenean eraso gisara sentitzen ditugun egoeretan? Zer erakutsi diegu? Zer ikasi dugu?

Politikan bezala curriculum inplizitu guztietan, besteen iritziak jaso eta adostasuna bilatzea da estrategia. Horixe da curriculum guztietan planteatzen den bidea.

Ustekabean harrapatzen gaituzten egoerek, ordea, ia beti bakarrik uzten eta harrapatzen gaituzte. Eta adostasunerako joerak, berriz, gizarteak, inguruak... dagoeneko urratuak dituen bideetara bakarrik eraman gaitzake. Urratutako bide batetik joera nagusitzen zaigu eta orduan eta isolatuago eta bakartuago senti- tzen gara. René Descartes koitadua bezala. Eta erratzen dugu.

Descartesek duda metodologikoari emandako irtenbideak, solipsismoari emandako irtenbideak, muin-muineko bakardadeari egindako galderari berak emandako erantzunak berriro bide nagusira ekarri zuen René: mundua eta munduan den oro Jainkoagan bakarrik kabi liteke.

Ahaztu egin zen,agian, aita-amez, seme-alabez.

Senak eusten digu, ordea, sarri. Bizinahiak iraun beharrak baino gehiago. Lurperaino egin behar dute gure erroek ur bila. Lur-azalean diren urak zikinduak dira, putzuetako urak dastatuegi. Eta ordu horietan, arrazoiketa eta sormena behar dira, eta alboan eduki arren, sarri ondoan uste ez genituen lagunak. Senak eusten digu: gure baitan dator eman diguten bizia, eman duguna.

Iratzargailua Haurrak esnatu behar ditut eta egin ditut 4.000 karaktere. Puntu honetan langa itxiko dut. Gure umeentzat, gure ikasleentzat... ustekabean ere bideak erratzen jarraitu behar dugu, bideak urratzen.... planteamendu garbirik ez duten problemak ere ebazten ikasteko.

Tere Irastortza