Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 
  erderaz1
 
EURIA ari badu
zuen malkoekin nahastuko da
eta mela-mela eginda hegalda naitekeela pentsatuko dut
-ez!, pentsatzen dut, orain-,
aukera izango dela artean, senez sentitzeko,
berriz sortua naitekeela amaren sabelean,
euria ari badu
arratsalde horretan.

Eta goiza bada edota egun-argi bada eta zeru garbian
haize-hegoa,
aska nazazue zeru garbirantz,
esaidazue joateko lasai eta libre,
orbela bezain arin
eta izatearen arintasunari egiozue ufada,
xaboi-ponpei bezala irriz,
zeren eta zer da nekearen ondoren ezereza baino hobe,
zer atseden-aldiaren ondoren loa baino gozoago;

utz nazazue, beraz, amets besterik ez den horretan kulunkan,
utz nazazue, izatekotan, gertakizun izaten, berriz,
eta urteon morkotsetik askatzen
hegoa badabil,
goiz edo ilunabar edo gau oskarbian
kulunkan, lurrera erortzeko beldur gabe,

eta has zaitezte neu ahazten,
lehenago irits nadin etorkizunera eta gertakizunera,
zuentzat azken aldikoz nintzenari lokartzen utziz
azken egun horretan.