Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

ASURMENDI, Mikel "Eta orain badakit" Eta orain badakit  ARMIARMA. Irunero, 2012-03 Ez ohiko iruzkina duzu honako hau, irakurle laguna. Hendaiako Literaturaren Menturan taldeko —Neguko poesia ekitaldiaren kari— kideen arteko irakurketa egin ondoren idazten ari bainaiz.

  liburuak12
Eta orain badakit

Ez ohiko iruzkina duzu honako hau, irakurle laguna. Hendaiako Literaturaren Menturan taldeko —Neguko poesia ekitaldiaren kari— kideen arteko irakurketa egin ondoren idazten ari bainaiz.

Sarrerako aitorpena —lehen aitorpena— egin ostean errazago heldu ohi dira ondorengoak. Poetak Eta orain badakit titulutik beretik laburbildu digu bere baitatik erditua. Erran nahi baitut: bere burutik isuria, bere bihotzetik urratua, bere erraietatik erauzia, bere arimatik zarrastatua, ama eta pertsona izanaren beretik erdibitua. Eta —horregatik, naski— orain badaki. Bizi ondoren, orain bai baitaki. Ez baita aski, ikasi —gazte izatea nahiz gazte ikasia izatea— eta letren munduan murgiltzea, poesia idazteko. Are, ez baita aski ere, egia letraz eta hizkiz apaintzea poesia idazteko. Eta, ez da gutxi aitorpena eta aitormena. Tere Irastortzaren aitormena, erran nahi dut, poetarena alegia.

Zer da bestela poesia? Bada, poesia, gisa batez, besteak beste, “esan ezin diren” gauzak esatea da poesia. Baina, esanda ere, ez da aski egia esatea, edertasunaz mintzo gabe, ederki eta ederto idatzi barik. Horiek horrela, noiz hasten da, bada, Terek poesia erditzen? Noizkoa da artean ez zekien garaiko poesia?

Bada, liburuaren azken poeman —nik epitafiotzat hartua— idatzi bezala, orain erdituak sortu aurreko garaietatik ere heldu zaizkio Tere poetari: “are, baita sortu aurretiko —bizipenak— ere” dio berak. Poema horretan “Gertatu direnak bezain egiazko dira gertatu ez direnak, badakizu”(…) “gertatu izana ez da aski egiazko izateko” idatziak egiaz —arestian esana— berresten digularik.

Poema berean, Terek honela aitortzen du “…orain badakidala hemen zurekin izan naizela”. Zurekin? Norekin baina? Gutxienez bi pertsonekin egon dela esango nuke neronek: Karmele Igartua (*) lagunarekin eta bere buruarekin. Eta ausardia handiz, are esango nuke re, badagoela definitu gabeko hirugarren bat ere.

Hirugarren eta laugarren bat ere bai: izakiak edota izakariak. Adibidez, Lau elementuen elkarrizketa poemak honela dio: Ni ta zu, biok, bagara lau: ni ta zu elkarri mintzo gatzaizkionean, zu ta ni elkarri entzuten. Lau elementuak aipatzen ditu segidan: airea, sua, itsasoa, lurra. Natura izadia eta gizadia. Edo izen batean bildurik: Lizardi poetarengan. Edo bietan: Artze poetarengan. Konparaziorako eta laburzurrean ari naiz, halabeharrez. Izan ere, espazio mugatu baita gurea: bizitzarenean nahiz paperarenean.

Espazioa aldagaia aipaturik —Elur egunak gogoan—, denbora aldagaia ezin bazter utziz, poetak islatu nahi duen errealitatea —egia, kasuon— nire eginen badut, zinez ederra eta esanguratsua baita Elur egunak poemaren pasarte hau: Ez dugu sekula nahi / adina denbora hartu / eta horregatik ohi da / beti, hain gurea, hartu dugun denbora.

Epitafiotzat hartuko nuke, baldin eta, artean, orain, neronek ere jakingo banu, oroitarri baten ondoan betiko etzan nahi ote dudan.

(*) Karmele Igartua poeta, iragan denbora berrian, liburu idatzi artean, minbiziak eraman zuen Tere poetaren laguna da.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago