Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
nab2006_64_1    
  tirastortza

Poesiak sentimenduez diharduela esanda dena esanda dagoela ematen du. Halaxe iruditzen zait poesia liburu eta poetei buruzko iruzkin asko irakurtzen ditudanean. Baina dena esanda dagoela ematen duen gehienetan bezala, definizioak ez du ezer mugatzen, definizioak ez du inolako zehaztapen edota hedapenik onartzen.

Poesiako sentimenduak aipatzen direnean -ia beti, beraz- badirudi guztiok ditugun eta modu berean bizi ditugun sentimenduez ari garela: demagun amodioa, bakardadea, heriotza. Guztiok senti ditzakegunak, guztiok ere modu berdinean sentituko bagenitu bezala.

Horiek horrela, honen unibertsal eta atenporaltzat hartzen dira edukiak, non irakurri beharrik gabe jakintzat hartzen den poetaren egoeraren espresio izango direna; jakintzat, poesiarik irakurri gabe ere badakigula zertaz ari den poesia.

Sentimenduak eta ni-ak lotura estua dutela ez dut nik ukatuko. Baina poesia eta sentimenduen arteko lotura, izendaezinean, esanezinaren xederatik askatzeko ahaleginean funtsatzen da.

Gizarteak ezartzen du esanezin hori, sarri, hainbat sentimendu izendatzean, sentitzeko erak ere bereziki ezarrita utziz. Hartara, ordea, nitarturik jalgi diren sentimendu guztiak, geurekoikeriari lotutako sentimenduekin sorta bakarra egiten delako edo, sentimendu horiek adierazi ez baizik eta ezkutatuta eta ezabatuta ere geratzen dira. Demagun amodioaz eta nahiaz ari garela, demagun kitzikapenaz, atseginaz eta sexualitateaz ari garela.

Intimitatea esperientziek eta pasadizoek lagatako hondarrek osatzen duten jakinduria da

Horren aurka zintzotasunari eta ni-ari egindako goratzarrea dela medio, ordea, XX. mendean, ezkutatu eta debekatuta zeuden sentimenduak azaleratzeko zintzotasunera, intimitatera, egin dugu, ustez, murgil. Sentimenduen mundua erabat lotu da ni-aren ardatzera. Eta nago «ni» hori behar-beharrezkoa eta ezinbestekoa izanagatik ez ote den nahikoa. Irizten diot sentimenduak gehiegi lotzen ditugula ni-aren eta nahiaren ardatzetara.

Ikasia dugu sentimenduak eta esperientziak ez direla unibertsalak eta atenporalak, baina iruditzen zait oker ondorioztatu dugula intimitatea bakartia eta bakartzailea dela. Bakardadean osatzen dugun intimitatea, hori bai, hori da unibertsala. Unibertsala eta adierazgarria. Horregatik partekatu liteke, horregatik sortzen du konplizitatea. Konplizitatea ez gertatu denaren kontaketa zehatzarekin, preziso; baizik eta, batzuetan, kontatu ezinak sortzen duen konplizitatea…

Intimitatetik ere abiatzen da poesia: intimitatetik abiatzen da poesia ere. Baina, otoi! Intimitatea esperientziek eta pasadizoek lagatako hondarrek osatzen duten jakinduria da. Intimitatea azaleratzen ez diren hitzez ere osatuta dago... eta intimitatea hurbiltzailea da.

Idazleak, poesian ere, ez du dena esan beharrik. Ziurrenik, erro-errotuta dagoen sentimendua da dena esan beharrik gabe adierazteko erabakia ere. Isiltasunarekin adierazten asmatzen duena. Zeren eta sorginkeriari buruz, ez oso aitzina, euskaldunek esaten zuten bezala esan dezakegu intimitatean ondutako sentimenduaren emariari buruz: «Denik ez da esan behar, eta ez denik ez da sinistu behar».

Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago