Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
mugalari    

Batek egunkaria goizean irakurtzen duenean edo irratiko partea entzun duenean, mundua sartzen du bere baitara. Leihotik begiratu eta inguruan zer gertatu den frogatu nahi duenak bezala : aurreko okindegia zabaldu dute, autobusa geratu da bere geltokian eta garaiz nabil, etxekonekoa jaiki da eta jarri du goizeko labadorakada…

Beste leiho bat irekitzen du egunkariaren aurreneko orrialdeak : goian, baina ez nabarmen, futbola, kultura edo gizarte-gai interesgarri eta kikitzagarria; titularrean ,ajea : arrantza esperimentalaren astakeria, edota Madrileko atentatua ; beheraxeago , futbola, San Tomasak edo Urte Zaharraren irudi adeitsua …. Eta horrela, beti.

Orriak pasa ahala lau haizeetara egiten du gure buruak : Euskal Herriko gorabeherak, mundukoak, gizartekoak.. eta erdi aldetik aurrera , adostasuanren, solasaren eta pozaren eremuak : kirola, kultura, denbora-pasak, salerosketa eta sexu-iragarkiak… telebista, horoskopoa eta azken orri lasaigarria.

Batek , egunkaria goizean irakurtzen hasten denean eta irratiko partearen aurreneko notiziak entzuten dituenean, mundua sartzen du bere baitara. Trajedietan bezala , besteak, -- heroe edo gaizto nabarmen-- dira protagonista : errege, kiriolari, presidente-jaun… denak txit gorenak. Erdi parerako iristen gara demokraziaren dramara, antiheroe koitaduen dramara, gu bezalakoxeen ezintasunera : etxea erre eta galdu dutenen mundura, jipoitu , tortutatu edo bortxatu dituztenen erraietara, langabetu eta atzerritarren miserietara . Dagoeneko mundua sartua du gure baitan, eta zama handia du mundutzar honek. Eramanezina geure bakartatean, ez balitz, egunero, azkenean , trajedia eta dramatik komediara iragaiteko zubiagatik, Zoriontasun iragarriaren komediagatik , Ameriketako filmei egotzi diegun amiera xamur eta ximurragatik.

Halakoxea da, gurean , egunerokoaren kronika egunkari, irrati eta telebistetan. Badirudi ,gurean, beti leihoa danbateko batez irekitzen dela eta haize-bolada bat bilduz amaitu nahi duela. Eta hara nola iragaiten garen trajediatik komediara, handitasunetik ttipitasunera, iragan aldaezinetik biharkoaren distira piztera. Eta hara nola,jarri gaituzten egunaren kronikak besteei gertatzen zaienari begira… eta hara nola uste dugun besteen zamaz arinduta geure zama ere arinagoa dena, eta hara nola, besteen gertaerek lauso dezaketen gu geu garen gertakizunaren hausnarketa.

Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago