Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
mugalari    

pdf

   

Otea jotzean eta sagarrak txikitzean, esate baterako, erritmo bat, ttakun bat sortzen dun. Bai, egia dun, sagardoa egiteko mamarekin batera, ganaduarentzako jatenarekin batera. Baina sortzen dun ttakuna. Eta haurrari bularra emateko haren begiei so jartzerakoan, edo elkarri begira jarrita begiak biltzean sortzen dun ttakuna. Geroagokoak ditun tarte horiek, aldi horiek, egoera horiek .... nonbait kokatu beharra.

Geroagokoa dun, geroagokoa denez, galdetzea denborak ihes egiten ote duen, denborak harrapatzen ote  gaituen bere furian, denbora  gezia den ala ibaia ala ataka  gaizto batean abandonatu  gaituen patu gaiztoa.

Baina aspaldian bazabilkinat nire baitan beste ttakun  bat, liburu batean kabitu dena, “Denbora enaren hegaletan”bezala. Bertako poemak,  jarraian eta nora gabe bere  horretan irakurtzea ederra  dun, benetan, eta zirraragarria gehienetan. Zirraragarria dun, otea jotzeak edo sagarrak txikitzeak, edo elkarri  begietara begiratzeak bezalaxe eskatzen eta eskaintzen  duelako sinkronia bat, lehen  pertsonan esan edo hika ala  zuka ari den guztietan, amodioaz eta pozaz bezala amodioaz eta heriotzaz ari denean; eskatzen eta eskaintzen  duelako sinkronia bat hizkuntzaren bide jarraitu eta  lerrokatu eta hitzen artean  utzitako hutsuneetan begirada pausatzera eramaten  duen orotan.

Eta enaren hegaletan ekarri  zidan aspaldi batetik, inoizko  batetik, denboraren metafora  berri bat: lehenagokoa,

oinarrizkoagoa.Eta igarri dinat  denbora jauzirik, goranzkorik  –dantzariarenaren irudiko–  beheranzkorik –ur jauzietakoaren gisako–; eta aldi berean denborak pausatzen dakiela batek bitan eta bik  batean egiten asmatzen duenean. Eta esan zidan liburuak,  nahiz norberarenean izan denbora guztia, izateko norbere baitara ekarri behar dela  besteekin sortutako ttakuna.

Tere Irastortza