Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
mugalari    
pdf    

Batzuk gara ateak geldi geldi ixtekoak, heldu-lekutik tirata, isil-silik. Beste batzuk atea golpean ixtekoak dira, irtetearen garrantzia azpimarratuko balute bezala, «banoa»-ka ixten dute atea, «ta zu hor konpon»- ka hanka egingo balute bezala.

Eta beste batzuk ateak zabalik utzi beharrekoak dira. Ez du axola hotz izugarri bat sartzen bada ere, eta batik bat, ez du axola ateak ixteko sortuak izateak.

Euskal munduan gertatzen ari diren aldaketak ikusita, pentsa liteke ez bat baizik eta zitezkeenik eta ate eta leiho guztiak zabalik utzita joan direla batzuk, eta orain haizelaster bizian gaude.

Arrazoi asko izan daiteke, baina horietako bat bada orain artekoan ere euskal kultura eta euskal mundua zaindu beharrean lagundua izan dela, eta hori gertatu dela euskal mundua ez delako, funtsean, ia sekula eta ia inon, sentitu barrutik eta bertatik. Hormetako ikur izan da, nahi baduzue, baita beste batzuei geure bereizgarritasunaren berri emateko baliagarria, baina ez da, askok diotenaren aurka, identitario sentitu, identitatea sortzen ari ziren erakundeekiko atxikimenduan bilatu nahi izan delako. Kontua da Deskargan gaina igotzerako galtzen dudala Bizkaia Irratia eta Ikaztegieta parean ez dudala Txolarre Irratia entzuten, Radio Maria muga pasata ere entzuten dudan bitartean, esate batera. Kontua da “Nabarra” ezin dela orain arteko egoeran bizi, ezta iraun ere Nafarroako beste hainbat komunikabide bezala.

Baina denek zirrikitu diruditen toki horietan ez da euskaraz bizi izan. Nola ba! Bertatik ez zaio euskal kulturari laguntza guztia ukatu, baina bertatik ez da gure, euskaldunon, izaera zaindu eta indartu eta suspertu.

Orain haize-laster honekin atepeak ez dira edozein lurrikaratik babesteko lekurik seguruenak, orain ateak bere erroetatik aterata daude eta guk, euskaldunok, ez dakigu atearen zein aldetan geratu garen.

Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago