Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
argia    
Izan ala ez izan, omen duk, seme, Shakespearek aditzera emandako dilemarik handiena, heroeak bere bakartatean hausnartutakoa. Heroeak, oraindik ez dakik, indarra bere baitatik bakarrik ateratzen duten gizaki horiek izaten dituk. Denean Jainko bezala, ez bada bere jaiotza eta heriotzak, heroiko bilakatu alde, datatu daitezkeelako, eta beraz, eternal ez direlako.

Baina haurrondoko lehen idatzi honetan ez nauk atso maltzur eta ehiztari ausartetaz arituko; ez heroe eta eroez. Elkar ezagutzen lagunduko digun esperientziaz nahiago diat. Ulertu ez duk oraindik ulertuko, bazekiat; baina hi gabe, ziur nauk, ez nindukean egiaztapen honetara horren modu betean iritsiko.
 

GARENAZ

mintzatzen hasiko natzaik. Hori duk lehenengo ikasgaia. Bai, bai, bazekiat, aspaldi honetan inork ez duela «gu»taz hitzegiteko adorerik. «Gu gara» esanez hasten diren esaldietan, aspaldian, sailkapen hutsal batzuk baizik ez dituk egite: «Gu Donostiakoak gara», «Gu Errealekoak gara...» baina inoren izapidearen urratsak agertuko dituen atributuen garaia joana omen duk. Ideologia eta utopiak, begi aurrean jarritako kanduak besterik ez omen dituk... eta orain, okerrena duk, ideologia eta utopia haien kiratsak atzenduta inork ez duela «gutarren» talderik sortu nahi.

Horren ordez, jakizak, itxurakeria berria asmatu izan duk. Besteen beharrik gabe bezala bizi garela adierazi nahi zieagu geure buruei. Batarengana edo besterengana jotzen duenak, enpatiaz, naturaltasunez jokatu beharrean, interesen batengatik egingo balu bezala. Doakoa, ongizate estatuko edozein zerbitzu bezala, azkenean, kontraprestazio bat balitz bezala. Ezertan zordun izaterik nahi ez, ordainik eman behar ez izateko. Horretarako asmatu duk ordezkatzailearen rola, norbere ardurak ere uxatzeko. Horrenbestez, ni naiz, hi haiz... singularrera mugatzen duk, asko jota, norbanakoak onartzen duen ardura. Horretarako ere gaitasunik ez dik edonork, eta apaiz, psikologo, terapeuta eta besteen kontzientzietan arakatzeko gaitua omen dagoen profesio berri asko sortu duk.


ITXURAKERIA

galanta duk guzti hau, seme. Garai honetako itxurakeria zentzugabea, inor ez daitekeelako bere gisara jaio, ez bizi eta ezta hil ere. Bakartateari zerion autosufizientzia hori, denboratan, Jainkoaren atributua izan duk, bakarrik. Gizakia bestetzaz bakarrik zitekeen... hartaraino non, gizakiaren ulermen gaitasunetik kanpo kokatu zen izaki bakarti hark, Jainko hark, gizonagatik esan zuen ez zela ona bakarrik bizi zedin. Hik, naturari esker, ez duk bakarrik jaio beharrik izan, jainko izango ez bahaiz ere.

Itxurakeria galanta duk, bakartatearen mito hau, seme. Gizakiek —nagusiki gizonezkoek— bere sormen bideak kulturaren esparruan ustiatzera jo duten neurrian, Jainko bilakatu nahirik, besteak baino gorago bere burua kokatu nahi horretan, bakartatearen gorazarrea asmatu diate. Hori bai, esan diat, gero gure gizartean, bakartate hori jasanezin egiten duen orotarako pilulak, adituak, abere eta landareak... asmatu behar. Hartaraino non bitxitzat ematen den, askoren artean, besteetaz gogoratzea, baina ez bakartatearen aurka, animalien kariño eta konpañia bilatzea.


ITXURAKERIA

galanta duk, seme. Hi hazten haizenerako jabetuko al zarete zuen hazaldikoak! Ordurako ulertuko al duk, inor ez dela bakarrik jaio. (Otto Rankek zionez, Jainkoak salbu), eta inor ezin dela bakarrik bizi. Segida bati zor gatzaizkio eta segidako arrasto hori ezin da besteek gabe egin, besteekin eta besteentzat hitzeginez eta biziz... eta hori horrela duk gizakia gizaki denetik... eta horren arrastorik baduk oraindik euskarak. Euskaraz mintza haiteke, nahi izatera, hika eta zuka, hire hizpidean eta izapidean, bestea kontuan hartuz: ulertzen ez dutenak ere kontuan hartzekoak baititut gure izapidean, izan ala ez izan erabakitzen hasi aurretik. Eta handitzen haizenean sinesten ez badiak, erreparaiok euskarari (zenbait Jainkoren aurrekoa duk eta!).
Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago