Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
argia    
Bernardo Atxagak azken aldian esandakoak ematen dit hizpide. Izan ere, ez da hain arraroa euskal literaturan inor isiltzea. Liburu bakarra idatzi duen jende asko dago idazleen zerrendatan, eta liburu batzuk idatzi ostean isildu denik ere bai. Hala ere, horren aldez aurreko aldarrikapena egiteak eta aldarrikatzailea Bernardo Atxaga (zena) suertatzeak harritzen gaitu. Alegia, behin lortuko arrakasta euskal artista batek eta hori isiltzea!

Bernardo Atxagak urratu ditu hainbat bide euskal irakurle eta idazleentzat, horretarako oraingo Euskal Herriaren irudia sortzeko espazioan ez bada denboran hemendik urrutiratu behar izan badu ere. Bernardo Atxagak betea izan dezake bere funtzioa, arean, isilduak barik garbi adierazi gabe zeuden sentimentu batzuen iruditeriaren sortzailea izanarena, konparazio batera edo, bakean bizitze alde, oreka bila zebilen hazaldi baten mundualdirako bide-urratzailearena. Esan gabe doa, artistaren eginkizuna sortzea dela, mundualdi bat adieraziz uztea, gero beste batzuk bertara sar daitezen. Baina, ziurrenera, oraindik zapalduegi ez den bide hori, jendearen emanez zabaltzen eta zabaltzen den eran noragabe bihurtzen denean, beste norabideren batean abiatu beharrean garenerako hartu du Bernardo Atxagak biletea. Izen-abizen euskaldunen harrotasun garaian, bere burua Bernardo Atxaga bezala bataiatu zuenak, orain Beñat Pedrosa izenekoren bat izan dezake hurrengo geltoki batean zain.


AGIAN

Beñat Pedrosa hori ibiltari nekaezin horietako bat izango dugu, bere arrakasta medio, Finlandia, Grezia, Akitania, Singapur eta Kiev ezagutu ondoren, iada bere herritarrek bere garaian nor izan zen ahaztu dutelako, Euskal Herriko txoko erdaldunen batean, atsedenaldian, euskal sena bilatzen saiatuko dena. Agian, Iparragirre berriak seme-alabak lotarazteko mundu guztiko kantuak nahastu ondoren, asko ibili eta asko ikasitako aiton baten pasadizoak asmatuko ditu eta esango die nola orduan eta gehiago ikusi eta ikasi eta orduan eta egin zen sinesgaiztoago.


GOGOAN

izango du, gainera, nola, garai batean, izan zen euskaldunen espia OTANen, Javier Solana bera engainaturik eta, nola, horregatik, Bernard Roca hark ikasi zuen zeruari itxaropenez begiratzen, bere sabotai elektronikoek lortuko al zuela eta albaniarrei botatzeko lehergailuek ez funtzionatzea.

Inor gutxi da bere bizitza osoan bat bera eta nola eskatu idazleari behin-betiko nortasunik asma dezan. Bernardo Atxagaren azken lanen bat zain garenak ez dugu inolaz ere esperantzarik galtzen. Uste dugu eta sinistu nahi dugu, Atxaga zenak bezala (?), egonezin egoeretan sortutako irtenbideak, asmatutako soluzioak dotrina, metodologia, ariketa eta prozedura bilakatu ondoren kiastu egiten direla eta idazleak beti esan-nahi batekin aritu behar duela teman, konformidadearekin demandan.
Tere Irastortza