EDERREGI
Geratu egin naun bide erdian.
Begiak itxi eta atzendu ditinat kanpai hotsak
eta artaldearen zintzarriak eta txori-txintak eta kirkilen deiak.
Eta haizeari eman zionat dena,
dabilela ene adats artean,
fereka nazala, sar dadila ene arnas-bideetan.
Begiak ixtearekin edertzen dun arrastiria
hegoa haize epeletan;
eta begiak itxita ere
ederregi egiten zaidan udaberria,
garbiegi zerua, Aralarren atze-aldean askatzen,
milaka berde, hostoz-hosto zabaltzen
harako begirada hartan kabitu ezin denean.
Tere Irastorza