Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
    liburuak11
Bizitzaren mugak

Denboraldia zen Tere Irastorzak idazten ez zuela libururik, 1986an, hain zuzen, “Derrotaren Fabulak” atera zuenez geroztik. Denbora luzea da ezer ez argitaratzeko, baina motza ezer ez bizitzeko. Liburu honetan bertan irakurri dut poema bat, hainbeste urtetako isiltasuna adieraz lezakeena: “Urteekin bakarrik ikasten den/ beste zerbait: / egunero bizitzea da/ literaturaren aurka ere/ antidotorik onena.” Pentsatzen dut bizitza, bere zentzu estuan, bultzatu duela ezer ez argitaratzera; besterik da aztertzea idatzi duen ala ez ote duen idatzi. Dena dela, bizitako edozein une ederragoa da, asmatutako edozein orri literario baino. Baina, hau, noski, nire irudipena baino ez da.

Liburu ondo pentsatu eta kalkulatua dela esango nuke honako hau. Gogoetatsua da, pentsamendu eta iruzkinez betetakoa, urteetako hausnarketen ondorio edo. Denbora obsesio bilakaturik poema askotan, ez alferrik denbora da gu denok neurtzen gaituena, erlojua eskuturrean eramanik, guk alderantziz uste arren. Denbora eta bizitza elkarrekin oso estu loturik ageri zaizkigu: “Han denbora ase-ezina da,/ eta mugaz honaindian,/ osa-ezina da bizitza”. Hawkingen teoriak aipatuko dizkigu gero, eta etengabea izango da denboraren iraganarekiko ardura, bildurra balu bezala, denbora joan eta hark eramatea idazteko aukera guztiak. Ez alferrik bizitza aurrera doa, eta beti iristen da une bat, atzera begiratzeko parada eskaintzen duena.

Isiltasuna da idazleak jorratzen duen beste gaia. Eta isiltasunarekin batera bakardadea (bakartatea, Tereren hitzetan), denborari buruzko gogoetak segidan horretara eramango balu bezala. Barne-azterketa egiten du, kanporatzen ditu bere iritziak gai horiei buruz, eta, noski, isiltasunaz hitz egiterakoan derrigorrezkoa da haren ifrentzuaz mintzatzea: hitzaz, alegia. Poema asko dira, horregatik, erreiteratiboak. Hitza, poesia, idazketa…, bere buruari galdezkaa arituko balitzaio bezala, zergatik orain arte ez duen idatzi argitu nahian. Niri, partikularki, gogoeta horiek narzisita samarrak iruditzen zaizkit, eta kasu batzutan topikotik hurbilegiak.

Hala ere, aitortu behar dut liburu honek baduela zerbait, hunkitzen duena. Pentsamendua da, urteen poderioz hontu dena, eta hor geratzen da, pertsona baten, idazlearen, eboluzioaren adierazgarri. Oso lortuak dira poema batzuk, bere laburrean, batez ere.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago