Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
   
Tere Irastortza (GARA)    

 TERE IRASTORTZA

POETA

Dena da baldintza segun eta nola begiratzen zaion. Baita heriotza bera ere. Tere Irastortzak (Zaldibia, 1961) arreta jarri du betidanik interesgarri iruditu zaion bidaia, desagertze, joate horretan. «Mundua betetzen zenuten» (Pamiela) lanean poesiaz jantzi ditu hil ondorenak sortzen dituen minaren estazioak, lehen kolpetik sosegura arte doan tarte horretan. Fribolitatetik urrunduta beti ere.

 

«Ziur asko, liburu hau ez zen idatziko nire inguruko jendea hil ez balitz»

ARIANE KAMIO /BEASAIN GARA

Beasaingo Andramendi ikastolan da Tere Irastortza; hura du lantoki, eta irakaskuntza lanbide. Ajmatova, Tsietaieva, Malo, Woolf, Valery, Mallarme, Tolstoi, Pasternak... Haien arrastorik ez bere bulegoan. Hopperen koadrorik ere ez da ageri. Igartza jauregiko oroigarri bat eta ikasleekin egindako argazki bat, ordenatu berri duen mahaiaren inguruan. Ohiko paisaia dirudi, heriotzak uzten duena bezalakoxea, gertutik begiratuta zerua eta itsasoa nahasten hasten diren arte. Miopiagatik besterik ez bada ere.

Lau-bost urte artean idazten duzu liburu bat. Zergatik orain heriotzaz?

   

ONARTU

«Nire helburua ez zen jendea irakurtzean negar eta negar aritzea, edo itota, baizik eta ‘horrela gaude, onar dezagun’ pentsaraztea»

 

Gai hau beste poema liburu batzuetan ere tratatu dut. Heriotza eta bizitzaz, nolabait esateko, traszendentziaz, “Izendaezinaz” liburuan ere idatzi nuen. Baina, ziur asko, liburu hau ez zen idatziko nire gertuko jendea hil ez balitz. Beste poesia liburuak bezala, liburu hau ere errealitatetik sortua da. Ez da okurrentzia bat.

Beldurra zenion argitaratzeari?

Bai. Beldurra bi arrazoigatik. Bat, esango nuke, heriotza nahiz eta oso agerian egon gure gizartean, gai tabu bat da. Hau da, heriotzarik bortitzenak erakusten dira gauza naturalenak balira bezala, heriotza biolentoenak telebistan, filmetan… ikusten dira. Eta bestalde, heriotzarik arruntenak, etxekoenak, etxetik kanpora gertatzen dira gaur egun. Gaur egun hiltzen gara gure ingurutik kanpo eta gainera nolabait gure erreferentzia izan diren gauza asko desagertu egiten dira; bakoitza geratzen da bere sentimenduarekin. Bigarrenik, hemen gertatu diren heriotzak ez dira bortizkeriaren ondorioz gertatu. Badago sentimendu bat pentsatzen duena poesia dela beti gauza melankoliko bat eta zentzu horretan beldurra ematen zidan, tabu horiek nola gainditu.

Terapia bilatu duzu heriotzaz idazterakoan?

Ez. Uste dut besteen heriotza ez dela gaixotasun bat. Uste dut bizitzako gauza natural bat dela. Eta uste dut sufritu dudala ez gaixorik nagoelako, baizik eta maite ditudalako. Nolabait esateko idazteak lagundu dit lehen neukan osagarritasun horretara iristen, baina behin ere ez naiz kontsideratu pertsona gaixoa inor hil zaidalako.

Dolua gainditzeko lagungarri da orduan?

   

AURREZ-GERO

«Gu zer ginen jaio aurretik? Ez dakigu, baina dena izateko aukera geneukan. Eta hil eta gero? Dena izateko aukera daukagu. Aukera zabala»

 

Bai. Nik ez dut doluari buruz bakarrik idatzi, baita maitasunaz ere. Liburu honetan ere bai. Bizi izan dudanarekin idatzi dut beti eta hau da nire bizitzaren beste arlo oso inportante bat.

Heriotzaz hitz egiten duzu baina gertuko modu batean, fribolitatetik urrun. Heriotzak ekartzen duen mina ez duzu areagotu.

Saiatu naiz minari konparazio mundu berri bat ekarri ordez, fisikoki eta espazioan sortzen den gabezia horri buelta bat ematen. Badago poema bat esaten duena zirkunstantziak lurrintzen direla. Noiz jabetzen zara bakarrago zaudela? Bada, lehen beste pertsona batek okupatzen zuen espazioan oroitzapena geratzen denean. Ez dago pertsona hori fisikoki, baina zure oroitzapena ere espazio bat da eta idaztea da hirugarren espazio hori bilatzea gauza konkretuetan. Eguneroko bizimoduaren arruntasuna ekarri nahi izan dut, han bizi direlako ez daudenak ere, eta hantxe berriz izan gaitezkeelako elkarrizketa baten barruan.

Ogia erosterakoan, esaterako.

Adibidez. Une horietan sortzen dira galderak. Batzuetan badirudi idazleek bakarrik dituztela erreflexioak, baina eguneroko bizimoduan daude. Ogia erostera zoazenean, txanponari begiratzen diozunean, pasta prestatu behar duzunean birentzako izan beharrean batentzako…

Poema batzuk hikaz idatzita daude, beste batzuk zukaz.

Asko erabili dut beti hitanoa. Hitanoaren erabilera hurbiltasun bat da. Hitanoa da gertutasun hizkuntza bat. Euskaldunek ere bere buruari hika hitz egiten diote eta nik uste maite izan duzun pertsona horrekin elkarrizketa jarraitzen duzula edukitzen, eta idaztea da horren froga bat.

Eta zenbakiak?

   

GABEZIA

«Saiatu naiz minari konparazio mundu berri bat ekarri ordez, fisikoki eta espazioan sortzen den gabezia horri buelta bat ematen»

Egia esan, Bat-arena eta Bi-arena beti daramatzat buruan, oso zenbaki garrantzitsuak direla uste dut. Momentu batean, apur bat zuk sosegatzeko, zure baitatik atera behar duzu, urrun daukazun toki batera; zenbakiei begiratzea izan zen desberdintasuna, koadro bati begiratzea bezala. Hemen aipatzen dira hainbat koadro, Hopper, euskal pintoreak. Zenbaki horiekin egin dudana da nirekin irakurtzen ari denari atsedenaldi bat eman. Nire helburua ez zen jendea irakurtzean negar eta negar aritzea, edo itota, baizik eta ‘horrela gaude, onar dezagun’ pentsaraztea.

Hasieratik amaierara bada alderik. Lehenengo poemak gogorragoak dira, eta bukaerakoak, lasaiagoak.

Agian, lehenengo poemak larriagoak dira. Larritasun momentu handian idatziak daude, aurreneko kolpean, nolabait esateko. Beste liburuetan asko pentsatu izan dut non jarri poema bakoitza, baina hemen erabaki nuen hasieran jartzea hasierako poemak eta bukaeran bukaerakoak. Nolabait badago ordena natural bat.

Finean, irudikatzen du prozesu bat, non heriotza bat dagoen eta bukaera bat, non pertsona batek, bizirik eta osasuntsu egon arren, bera ere hil egingo dela onartzen duen. Jada ez da badakizula hil egingo zarela, irudika dezakezu zu ere hil egingo zarela eta zer izango den besteengan.

Ariketa horretara ez gaude oso ohituta.

Ars moriendi esaten dena. Ondo hiltzeko bideen gaineko liburuak XVII. eta XVIII. mendeetan oso garrantzitsuak izan ziren. Jendeari laguntzen zioten bere burua prestatzen hiltzeko. Gaur egun horren ordez dagoena da, zerbait pasatzen bazaizu tori pastilla, ez dago inor besarkatuko gaituenik. Biziraupena edo bizirik jarraitzea medikalizatu egin da. Eta horrekin ez dut esan nahi gaizki dagoenik pastillak hartzea, baina bai iruditzen zaidala gure buruarekin eta gure kontzientziarekin ere irits gaitezkeela sosegu batera.

Medikalizatu eta externalizatu.

Baita. Beharbada erlijioaren galerak ere ekarri du heriotzaz nola hitz egin ez jakitea. Lehengo errituak aintzat hartzekoak zirela. Gaur egun horiek ez dira erabiltzen oso kutsu erlijiosoa dutelako batzuentzat, baina badirudi ez dagoela beste ezer. Nik uste badagoela beste zerbait; guk jarraitzen dugu, eta jarraitzen du bizitzak.

Erreferentzia erlijioso batzuk erabiltzen dituzu. Aldarea, arima, fedea…

Fedea bai, baina fedegabea. Aldarearena bai. Zer da aldare bat? Aldare bat da erlijioetan zerbait santifikatzen den tokia. Pertsona baten ausentzia sentitzen duzunean behar duzu, ez dizut esango santifikatu, baina bai eman dizunik eta onena estimatu. Hori da beste gauza bat gure gizartean falta dena, estimazioa. Bakarren bat hiltzen zaizunean sentimendu asko daude eta horietako bat bada ere ‘maite nituen eta bentaja ederra egin didate bizitzan. Jende ona izan da eta lagundu egin dit’. Falta sumatzen da, baina agian ez zara kontziente izan estimatzeko zenbat jaso duzun. Kasu horretan aldarea da toki bat non –aldarea, edo mendia edo dena delakoa izan daiteke– esaten duzun ‘hemen estimatu egin behar dut hau’. Eskerrak eman.

Erlijioaren eragina gero eta txikiagoa da. Horrek ere heriotza beste modu batean bizitzea ekar lezake?

Uste dut zentzu erlijioso bat ona dela. Horrek ez du esan nahi zentzu katoliko bat, edo protestante bat edo ebanjelista bat izan behar duenik. Euskaraz bada hitz bat oso inportantea dena. DE-NA. Ni bizirik nago, baina ametsetan nagoenean ere bizirik nago, baina oraingo bizitza kontsideratzen da erreala eta ametsetakoa ez, baina bietan nago bizirik. Badago mundu bat, beste batzuk inkontzientea deituko diote, ez duguna gure arrazoiarekin kontrolatzen, baina berak eragina badaukana gugan.

Euskaldunek esaten zutenarekin geratuko nintzateke, «ez gara gure baitakoak». Hori Barandiaranek jaso zuen. Bada zerbait gure aurretik eta gure ondorenean. Ez dakigu gero zer izango den, baina ba al dakigu lehen zer izan den? Denaz eta ezaz eta ez izateaz eta izateko aukerari buruz ere uste dut asko idatzi dudala. Pertsonak behar du eusmen bat aurrera egiteko, helduleku ez medikalizatu bat. Ez izatea da dena izateko aukera. Gu zer ginen jaio aurretik? Ez dakigu, baina dena izateko aukera geneukan. Eta hil eta gero? Dena izateko aukera daukagu. Aukera zabala.

Asko errepikatzen duzun erreferentzietako bat da itsasoa.

Ez zara lehenengoa esaten didana. Ni lehorrekoa naiz eta itsasoaz uste baino gehiago idatzi dut nire poemetan, baina ez oso modu kontzientean. Gehiago izan naiz menditarra. Baina liburu honekin batera aritu nintzen itzultzen “Itsaso kontra bat”, Karmele Igartuarena; hura hil zen eta bere hitzaurrea ere nik egin nuen. Eta bestetik ere bada beste poeta bat asko gustatzen zaidana, Sofia Malo, edo Paul Valeryren poemak ere asko irakurri ditut, “Le cimetiere marin”.

Egia esan, itsasoari begira beste modu batera jarri naiz, beharbada miopea naizelako ere bai. Urrutira begiratzen dudanean ez dakit non hasten den itsasoa eta non hasten den zerua. Arreta ematen didan gauza bat da. Konturatu nintzen une batean itsasotzat neukana zerua zela, miopea naiz urrutira… Zer da dakiguna edo zer da ez dakiguna? Zer da itsasoa eta zer zerua? Niretzat kasik berdinak dira. Argitasun puntu bat da bereizten dituena. Lehen ere erabili izan dut itsasoa gai bezala, eta ez nuen uste baina poema liburu honetan itsasoa agertuko da modu erreflexiboago batean. Zer da zerua eta zer itsasoa? Zer da bizitza eta zer heriotza? Non dago muga hori? Izatearen eta ez izatearen arteko hori? Absolutua da, muga handi bat da. Eten handi bat. Baina aldi berean badago bizi den sentipen bat, dena bat garenarena.

Hezurrak, Ekaingo koba. Heriotzari betierekotasun bat eman nahi izan diozu?

Heriotzari ez, bizitzari. Ekaingo kobetara joan nintzenean zerbait berezia sentitu nuen. Hango espazioak irudika nitzakeen ni han bizi izango banintz bezala. Iruditu zitzaidan inportanteena ez dela nire presentzia, baizik eta besteek utzi duten arrastoa. Ez da ni nola sentitzen naizen, baizik eta pareta haietan bezala, nola tripa jakinetan dauden pottokak, nola ez dauden edozein tokitan. Liburu honetan ere, zer dago? Besteen heriotza jasan duen pertsona bat dago? Bai, baina baita pertsona haiek utzi dutena ere.

Eta erleak?

Erleak… Aurreko izenburua zen “Mundua betetzen zenuten eta erleek bazekiten”. Baina oso izenburu luzea zen eta aurretik “Eta erleek bazekiten” zen lehenengo izenburua. Hori ere da pixka bat behorrekin edo txoriekin bezala, erlijio bat edo beste utzita ere, gizakiak adierazi behar du zerbaitek huts egin duela, zerbait ez dagoela bere egoeran.

Gertuko heriotza bat behar da heriotza edo bizitza bera beste begi batzuekin ikusteko?

Aspaldi idatzi nuen poema batean esaten nuen besteak hil egiten direla, baina maite duzun jendea banaka hiltzen dela. Heriotzari buruzko sentipena unibertsala izan daiteke, baina horrek ez du esan nahi denek hala bizi behar dutenik. Ni seguru nago nire egoera pertsonalik gabe hau ez zela aterako, besteak ere ez, baina hau ere ez. Heriotzari buruz idazteari buruz ez nuke hainbeste pentsatuko.

Heriotza zer da? Muga bat? Helmuga bat? Galbahe bat?

Ez dakit definitzen zer den heriotza. Bizi garenontzat, hirugarren egoera bat.

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago