search
Tere Irastortzaren liburuak
Izen gabe,direnak Haurdunaldi beteko khantoriak
Tere Irastortzaren liburuak
Manual devotio gabecoa edo ibilgailuetara erabiltzeco escu-liburua
Tere Irastortzaren liburuak
Gabeziak khantoreak / Izen gabe direnak/ Glosak Esana zetorrenaz
Tere Irastortzaren liburuak
Derrotaren fabulak / Hostoak
Tere Irastortzaren liburuak
Izendaezinaz / Gabeziak
Tere Irastortzaren liburuak
Eta orain badakit / Siete poetas vascos/ Osinderdeko kantoriak
Tere Irastortza (Zaldibia, Gipuzkoa, 1961) euskal idazlea da. Euskal Idazleen Elkartearen presidente izendatu zuten 2001ean, eta kargu hartan aritu zen 2006 arte. Euskal Pen Klubaren sortzaileetarikoa. Beasaingo Andramendi Ikastolako zuzendaria. Bergarako Idazle Eskolako sortzailea, irakaslea eta zuzendaria, sortzetik (2003).

Mundua zatikatzeko, hobe literatura

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
tere txoriakMundua zatikatzeko, hobe literatura

Tere Irastortza, ‘Txoriak dira bederatzi’, Pamiela, 201729

Ezbairik gabe, une antologikoak eskaintzen dizkigun liburu baten aurrean gaude Pamielak argitaratu berri duen Tere Irastortzaren Txoriak dira bederatzi honekin. Edozein ataletan aurkitu ditzake literatur zale zorrotzenak harribitxirik hoberenak, milaka baitaude. Liburua ireki eta ustekabean baten bat agertuko zaio, esaterako: “Hitz bat falta zaizun bakoitzean ez da dena delako hori zer den ez dakizulako, adierazi ezin duzulako baizik”. Bi dituzu esanezina eta ezin esana. Baina badaude ere aura filosofikoa duten fragmentuak (“Hutsa okupatzen duen hautsak ez du hutsaren berririk. Ez hautsak hautsi izanarena hutsak. Hitza, baina, kontzientzia da”) edo aforismo sinpletzat har ditzazkegunak (“Porrotaren perspektiba ez galtzeak ematen duen askatasuna”).

Ziurrenik Irastortzak aspaldi gordeta zituen argitaratu gabeko idazki ugariez eraikitakoa da Txoriak dira bederatzi, baina baliteke ezetz, denak berriak izatea eta liburu honen baitan izateko kontzientzia eta asmoarekin idatziak izatea. Kronikak, saiakera, eleberri bat edo poemak idazterakoan euskarri moduan idazten ditugun testuak izan litezke, burutazioez beteta. Pasarte batean Irastortzak halaxe dio: “Koadernora ez iristea, ispilura ez begiratzea bezalakoa da: desagertu nahia, desagertze- saiakera edo desagertze- froga absolutuenetakoena”.

Desagertze nahi ez hori da agian egunerokotasun eta ohar hauek apuntatzeko bulkada eman diona. Liburuak momentu poetikoak ditu, dudarik gabe, adibidez, idazlearen, poetaeren, zeregina azaltzeko hau esaten duenean: “Neure lana zein ote den. Ez dut erantzuten ia sekula. Baina bai, Haizea zaindu, iragarpena egin eta gero ekin, iristen den haizearekin nabigatzen jarraitzeko ahaleginari tinko eutsiz”.

Irastortzak zergati batzuen bilaketa- prozesuarekin batera idazlearen zeregina zein den eta zertarako balio duen eztabaidatzen du. Liburua, nolabait ere, gaika banaturik balego bezala aurkezten zaigu; fragmentu gehienek, esan beharrekoa da, aforismo tankera dute, beren laburrean, aforismotzat har baititzazkegu, eta ez dira horregatik mami gutxikoak. Badaude ere hitz jokoak (“Infinitiboan idatzi eta iraganean bizi edo infinitiboan idatzi iragana bizitzeko edo infinitiboan idatzi, denbora gabe aritzeko”), esaera zaharrak, gai batzuen inguruko hausnarketak beste batzuetan, idazle askoren itzulpenak eta bertsioak, haiekiko iruzkinak, abestiak, literatur aipamenak, eta aipamen horiekin Irastortzak aurkezten dizkigun filiak eta fobiak. Norabide bakar batean irakurtzeko ezinezkoa den liburua izango du irakurleak esku artean, hobe horregatik saltoka aritzea edo gainetik irakurtzea, zati asko, guztiak, halaber, pentsamendua astintzeko gogoarekin eginak baitaude eta irakurleak bere denbora hartu behar izango du digestioa egiteko. Liburu honetan zerbait dabil batetik bestera, bere izatea aldarrikatu nahirik. Nahastean badauka ere intimitaterako lekua, Irastortzak irakurle bezala dituen zaletasunak ere aldarrikatzeko joera hartuko duelako orrialdeak iragan ahala. Txoriak dira bederatzi hau seguruenik ispilu egokia da irakurle bakoitzak norbere nitasuna alde batera usteko eta Irastortzaren mundo poetiko eta literarioan murgiltzeko. Liburu amaigabea, onerako. Behin eta berriz bere baitara bueltatuko naizela somatu dezaket, irakurketa bakoitzak, begirada bakoitzak, ate berri bat irekiko didalakoan.

A. F.